ZER DIREN JANARIAK ETA ELIKAGAIAK

ZER DIREN JANARIAK ETA ELIKAGAIAK

JANARIEN DEFINIZIOA:

   Gure bizi-funtzioak aurrera eramateko behar ditugun materia eta energia ematen dizkiguten substantziak dira janariak.

   Janariak 7 taldetan sailkatzen dira elikagai-edukiaren eta betetzen duten funtzioaren arabera:

 

Taldea Mota Elikagai nagusiak Funtzioa

1

Esnea eta esnekiak

Proteinak , bitaminak eta kaltzioa

Plastikoa

2

Okelak, arrainak,arrautzak Proteinak, bitaminak eta burdina

Plastikoa

3

Lekariak, tuberkuluak eta fruitu idorrak Gluzido- eta proteina-eduki handia, C bitamina asko               (patata)

Energetikoa, erregulatzailea eta plastikoa

4

Ortuariak Barazkiak Bitaminak, mineralak eta landare-zuntzak

Erregulatzailea

5

Frutak

Bitaminak, zuntzak, mineralak

Erregulatzailea

 

6

Laboreak, orekiak eta azukreak Gluzido asko, proteinak, B bitamina, mineralak

Energetikoa

7

Koipeak eta olioak Lipidoak eta A bitamina

Energetikoa

 

 

 

ELIKAGAIEN DEFINIZIOA:

    Elikagaiak janariak digeritu eta xurgatu ondoren erabil ditzakegun osagai kimikoak dira. Batzuk esentzialak dira eta gure organismoak ezin ditu sortu; horregatik , bada, dietan hartu behar ditugu. Beste batzuk, aldiz, ez-esentzialak dira, organismoak beste batzuetatik sintetiza ditzakeelako prozesu metabolikoetan zehar.

AIPAMEN BEREZIAK

LITXARRERIAK ETA GOSEGARRIAK:

Ikusi duzunez, litxarreriak ez ditugu talde bakar batean ere sartu, ez direlako janariak. Gehienak azukreak eta koloratzaileak (gominolak...) edo zereal-oinarria duten koipeak (frijituak, krispetak, hartxoak...) baino ez dira.

Edari alkoholdunei bezala gertatzen zaie: hutsik dauden kaloriak ematen dizkigutenez, loditu egiten gaituzte, besterik ez.

Hori dela eta, ezin ditugu egunero jan; hobe da egoera berezietarako uztea: txangoetarako, urtebetetzetarako...

ARIKETAK :

 

1.- Sailkatu  irudietan ageri diren janariak irizpide honen arabera :

 a)bitamina ugari;  b) karbohidrato ugari; eta  c) lipido ugari duena

2.- Zertarako behar ditugu janariak?. Zer lortzen du organismoak janarietatik?

3.- Frutek bitamina ugari  dute; frutak bakarrik janda bizi gaitezke?

4.- Proteina ugari duen dieta egin beharra izanez gero, zein taldetako janariak hartu beharko genituzke?

5.- Badakizu zer ematen diguten hartzen ditugun janariek?

6.- Egin elikagaiaren definizioa. Zertan bereizten dira janaria eta elikagaia?

 

JANARIEN EZAUGARRIAK : Janariek beren kalitatea eta nutrizio-balioa zehazten dituzten elikagaiak dituzte.

       Janarien araberakoa da elikagaien kantitatea

       Janarien kalitatea janariek dituzten elikagaien araberakoa da

       Janarien nutrizio-balioa janari horrek dituen elikagaien motaren eta kantitatearen araberakoa da.

 

ARIKETAK :

1.- Badakizu zein diren janarien ezaugarriak?

2.- Zer da janarien nutrizio-balioa?

3.- Aipatu eta sailkatu 10 janari: argitu zer irizpide erabili duzun sailkapenean.

4.- Eman dezagun gaur bazkaltzeko honako janari hauek dauzkazula:

a) makarroiak txorizoarekin, b) arrain frijitua letxuarekin, c) jogurta, eta d) ogia eta ura.

Aztertu arretaz:

-        Ba al daude bazkarian lehen ikasitako janari-talde guztiak?

-        Horrela ez bada, esan beste zer janari mota hartu beharko zenukeen     bazkarian

 

Elikaduraren eta nutrizioaren arteko aldeak

- Elikadura : kanpotik zenbait produktu hartu eta jateko prozesua  da.

- Nutrizioa : organismoak behar dituen elikagaiak atera, eraldatu eta bere estruktura osatu egiten duen prozesua da.

ARIKETAK

1.- Egin nutrizioaren definizioa. Gauza bera dira nutrizioa eta elikadura?.Azaldu erantzuna.

Erabili horretarako hiztegi entziklopediko bat.

2.- Taulan aurkezten dizugun zerrendan, bereiz itzazu elikagaiak eta janariak.
  Janaria Elikagaia
 Ura    
 Arroza    
 Letxua    
 Proteinak    
 Bitaminak    
 Okela xerra    
 Gluzidoak    

3.- Idatzi modu zuzenean esaldi hau: Elikadura denboran zehar ikasi behar dugun oharkabeko ekintza da

 

Zertarako balio duten elikagaiak

Behin organismoan sartu direnean, elikagaiek honako funtzio hauek betetzen dituzte nagusiki :

       Funtzio plastikoa edo estrukturala :

       Funtzio hau betetzen duten elikagai nagusietariko batzuk proteinak eta gatz mineralak dira

       Funtzio honen bitartez, organismoaren ehun berriak osatu edo konpondu egiten dira

       Funtzio honek garrantzi handia du haurtzaroan eta nerabezaroan

       Funtzio erregulatzailea :

       Funtzio hau betetzen duten elikagaiak bitaminak eta mineral batzuk dira

       Organismoan sortzen diren hainbat erreakzio kimiko kontrolatzen ditu

       Funtzio energetikoa :

       Lipidoak eta gluzidoak dira, nagusiki,  funtzio hau betetzen duten elikagaiak

       Organismoak eguneroko jardueretarako beharrezko energia lortzen du

Zer daukate elikagaiak

Elikagaiak substantzia kimikoz osaturik daude, eta horietako batzuk ezinbestekoak dira organismoa osasuntsu mantentzeko. Sei elikagai talde handi bereizten dira :

        Gluzido edo karbohidratoak

         Elikagai energetikoak dira

         Gluzido- taldeak :

Bakunak : Hesteak azkar xurgatzen ditu, eta berehala odolera pasatzen dira. Adibidez, neuronak funtzionatzeko  behar duten azukrea gluzido bat da.

Konplexuak: Ez dira hain erraz xurgatzen. Adibidez, patatak duen almidoia ez da hain erraz odolera iristen. Zuntza ere horrelako karbohidrato bat da, baina hain konplexua denez, ezin da ez xurgatu ez eta digeritu ere. Horregatik, beste funtzio bat dauka: xurgatzen ez denez, hesteetan gelditzen da, eta hesteei huste laguntzen die.

 

 

 

 

 



a) Azukreak eta ogia gluzido arruntenak dira        b) Barazkiak zuntz eduki handiko jakiak dira             

        Lipidoak

         Elikagai energetikoak eta estrukturalak izan daitezke

         Horien funtzio garrantzitsuenetariko bat energiaren biltegiarena da. Behar dugun baino energia gehiago jaten dugunean, gure organismoak gorde egiten du energia hori ehun adiposoetan. Gero, behar duen heinean, gantza askatu eta kontsumitu egiten du.














 

        Proteinak

         Elikagai estrukturalak dira. Ehunak eratu eta konpondu egiten dituzte. Organismoa babesteko ere balio dute, eta lipidorik edo karbohidratorik ez dagoenean, erre egiten dira energia lortzeko

         Aminoazidoz osatuak daude. Batzuk esentzialak dira, hau da; gure organismoak ez ditu sintetizatzen.

         Ez dute balio biologiko bera beti

         Balio biologiko handia dutenek aminoazido esentzial guztiak dituzte (adibidez, arrainak eta arrautzak)

         Balio biologiko txikikoei berriz, aminoazido esentzialen bat falta zaie (adibidez,landareetatik ateratzen ditugunei)

 

Proteina ugari daukaten jakiak : a) animali jatorrikoak ( okela, arrautzak, esnea eta arraina );

b) landare-jatorrikoak ( lekariak eta laboreak )

        Bitaminak

         Elikagai erregulatzaileak dira. Elikagai esentzialak dira; ez izateak gaixotasunak dakartza.

         Bi talde daude :

         Uretan disolbatzen direnak (hidrosolugarriak)

B konplexua eta C bitamina, adibidez.

         Lipidoetan disolbatzen direnak (liposolugarriak)

A, D2, D3, E, K1, K2 bitaminak, adibidez.

         Bitamina gehienak suntsitu egin daitezke jakien kontserbazio-prozesuan eta horiek prestatzean.Haietako asko argiarekin, beroarekin edo airearekin kontaktuan jartzerakoan suntsitu egiten dira.

 

Dietan sartu beharreko bitamina garrantzitsuenak

Bitamina

Zer janaritan aurkitzen

den

Funtzioa

Gabeziaren ondorioak

A

Gibela, esnekiak,ortuari eta barazkiak

Epitelioen mantenimendua. Argiaren somatzea

Xeroftalmia, ikus-zolitasunaren galera

B1

Urdaiazpikoa, txerri-gibela, arroz-ahotza, lekari idorrak, ilar freskoak

Gluzidoen metabolismoaren erregulazioa.Arnasketako koentzima

Beriberia

( neuronen narriadura, ahultasun muskularra)

B2

Gibela, arraina, arrautzak, esnea, garagardoaren legamia

Gluzidoen oxidazioa

Hazkuntzaren etenketa. Begietako gaitzak.

B3

Gibela, okela, arraina, lekari idorrak, laboreak

Gluzidoen oxidazioa

Pelagra, ahoko arrailak, mihiko ubeldurak, eromena

B4

Gibela, lekariak, barazkiak

Aminoazidoen metabolismoa

Anemia

C

Gibela, giltzurrunak, behi esnea, zitrikoak(limoia, laranja), barazkiak

Kolagenoaren sintesia.Hezur eta hortzen kaltzifikazioa.

Eskorbutua(oietako odol jarioa, hezur-giltzaduretako mina, hortzen erorketa)

D

Gibela, arrain urdina(sardina,izokina,e.a.), esne osoa, gurina, gorringoa

Kaltzio eta fosforoaren metabolismoaren erregulazioa. Hazkuntza. Hortzak eratzea.

Hezurren kaltzifikazio ezegokia, haurren errakitismoa

E

Okela, giharra, arrautza, landarekiak oro har

Ez da ezagutzen gizakiarengan betetzen duen funtzioa

 

K

Gibela, hosto berdedun barazkiak, landare olioak

Odolaren gatzaketa

Hemorragiak

 

 

        Mineralak

         Funtzio estrukturala eta erregulatzailea dute

         Bi taldetan sailkatzen dira gizabanakoaren nutrizio beharrizanen arabera :

         Makronutrienteak : Giza gorputzarentzat beharrezkoak diren gatz mineralak.( gutxienez 100 mg egunero) : kaltzioa (Ca), fosforoa (P), sodioa (Na), potasioa (K), kloroa (Cl), magnesioa (Mg), sufrea (S)

         Mikronutrienteak : Oligoelementu izenaz ere ezagunak; oso kantitate txikian egoten dira organismoan: burdina (Fe), kobrea (Cu), fluoroa (F), iodoa (I), zinka (Zn), ...

 

 

Zenbait mineralen garrantziaren adibideak. Mineral horiek zer jakitan dauden.

 

Minerala

Zer janaritan aurkitzen den

Funtzioa

Gabeziaren ondorioak

Kaltzioa

Ca

Esnea, gazta eta beste esneki batzuk eta frutak

Hezurren osagaia da. Odolaren gatzaketan esku hartzen du.

Gabezia nabarmenak hezurren ahultasun eta hauskortasuna(osteoporosia) eragiten ditu

Potasioa

K

Okela, esnea, frutak eta barazkiak

Organismoa osatzen duten likidoen eta gatz mineralen arteko oreka ezartzen du.

Goragaleak, bihotz erritmoaren ahultasuna eta asaldura.

Burdina

Fe

Arraina, arrautzak, laboreak ogia, okela, behi-gibela eta intxaurrak

Oxigenoa zelula guztietara irits dadin ahalbidetzen du

Unadura eta anemia

Iodoa

I

Itsaskiak, barazkiak, frutak eta gatz arrunta

Hazkuntza-

-hormonetan egoten da

Bozio izeneko gaitza eta hazkuntza-arazoak

Magnesioa

Mg

Indabak, intxaurrak eta espinakak

Ezinbestekoa, nerbio, muskulu eta hezurrek behar bezala jardun dezaten.

Anemia eta muskuluen jardueraren kontrolik ezaren ondoriozko gorputz-

-ikarak

Fosforoa

P

Esnea eta gorringoa

Hezurren osagaia da

Hezurrak eta nerbioak kaltetzen dituzten gaixotasunak

        Ura

         Ura organismoaren osagai ugariena da

         Ura zuzenean edanez edo jakien bitartez hel daiteke gorputzera

         Urak organismoan betetzen dituen funtziorik garrantzitsuenak honako hauek dira:

         Beste elikagai batzuen disolbatzailea da, batez ere gatz mineralena. Oro har, gorputzean gertatzen diren prozesu metaboliko guztiak

Ur-disoluzioetan garatzen diren erreakzio kimikoetan oinarritzen dira.

         Termorregulazio funtzioa betetzen du. Metabolismo zelularrak

     37 C-ko tenperaturan mantentzen du gure gorputza.

         Hondakinen kanporaketa errazten duen substantzia gisa jarduten du

      ( gernua, izerdia, gorozkiak, eta abar).

         Zelulen metabolismorako beharrezko substantzia gehienen garraiabide unibertsala da

         Ur beharrizanak egunean bizpahiru litro ingurukoak gehi elikagaiek erantsirikoa direla esan daiteke.Beraren gabeziak eragiten dituen arazoetan garrantzitsuena deshidratazioa da; horrek, pisuan %15era iritsiz gero, heriotza eragin dezake.

 

EDARI ALKOHOLDUNAK:

Aipamen berezia egin behar dugu edari alkoholdunei buruz. Edari alkoholdunek kaloria ugari ematen dizkigute, azukre ugari eta gramoko 7 kilokaloria ematen dituen alkohol ugari dutelako. Esate baterako, egun batean 2 botilatxo garagardo edanez gero, 250 kilokaloria jasotzen dira. Hori dela eta, emakume heldu batek egunero behar dituen kaloriak baino %10 gehiago jasoko luke.

Kontuan hartu beharra dago kaloria horiek ez dutela inolako elikagairik. Beraz, malnutrizioa sor dezake.

ARIKETAK

1.- Aipatu elikagaien funtzio biologiko nagusiak eta ipini funtzio horien eredu bana.

2.- Zer motatako lipidoak dira nagusi legatzean eta txerrikietan?

3.- Zer elikagai ditu esneak?

4.- Zein dira bitamina hidrosolugarriak?

5.- Zer desberdintasun dago karbohidratoen eta gluzidoen artean?

6.- Zein bi taldetan banatzen dira bitaminak eta zein da haien izenaren esanahia.

7.- Zer dira aminoazido esentzialak?

8.- Barazkiek mineral ugari ematen dizkigute, eta behar-beharrezkoak dira organismoa ondo ibiltzeko eta  gaixotasunak aurrezaintzeko. Taula osatu ahal izateko, dagozkion hizkiak jarri hutsuneetan. Horrela, elikagaiek nolako mineralak ematen dizkiguten jakingo duzu.

Dieta:

DEFINIZIOA: Dieta  egun batean zehar jaten dugun janarien kantitatea da.
Jatordu bakoitzean jan beharko genukeen janari-kantitatea anoa da. Dieta ez da beti bat izaten; adin, herri, urtaro eta bestelako egoera batzuen menpe egoten da; hala ere, dietak orekatua izan behar du beti.

2.- MUNDUAN ZEHAR HAINBAT DIETA  DAUDE

 

Aspaldi, herrien artean garraioak eta komunikazioak hain garatuak ez zeudenean, gizakiak inguruko janariez elikatzen ziren.

Inguru guztietan ez daude elikagai berak; janari batzuk edo besteak egotea faktore hauen menpe dago.

        Klima (tenperatura , euria eta abar)

        Lurraren mota (lurreko elementu kimikoak )

        Inguruaren geologia (lur lauak, menditsuak...)

        Itsas ur-lasterrak

        Inguruko ohiturak (abeltzaintza-ohiturak, nekazaritza-ohiturak... )

        Eta abar

Gure arbasoek zituzten elikatzeko ohiturek urtetan zehar iraun dute eta iritsi egin zaizkigu. Ohitura horiek gure oinarriak izaten jarraitzen dute, munduan dauden dieta-motak eratzeko.

Esango genuke kultura-mota bakoitzari dieta bat dagokiola. Adibidez:

        Dieta eskandinaviarra

        Dieta asiarra

        Dieta amerikarra

        Dieta musulmana

        Eta abar

 

3.- DIETAK GARATU EGITEN DIRA

 

Historian zehar dietak aldatuz joan dira. Bidaien eta kultura-trukaketen poderioz, beste herrietako janariak eta ohiturak gurengana iritsi dira. Adibidez :

Orain dela mende batzuk :

        Bisigodoek txerriak, lekaleak eta espinakak ekarri zizkiguten

        Arabiarrek, arroza, laranja, limoia eta espezieak

        Amerikatik, patata, tomatea, piperra, artoa eta kakaoa iritsi zitzaizkigun.

Beste herrietatik ekarritako produktu horiek hemen lantzen eta sortzen hasi ziren, eta garai hartako jendea bere dietan kontsumitzen hasi zen.

Orain dela urte batzuk :

Elikagaien garraioa hobetu egin zen, eta hainbat herritako produktu tipikoak guregana iritsi ziren . Adibidez :

        Fruta tropikala

        Soja-kimuak ( Amerikatik eta Asiatik)

Hemen zeuden produktuen sorta handiagotu egin zen kanpotik ekarritako produktuekin.

        Holandako gaztak

        Frantziako  patea

        Kaliforniako intxaurrak

Gaur egun, merkatuetan dagoen aukera handia da eta beti bilatzen ditugu produktu berriak.

        Landare-hanburgesa

        Surimi  (txatka, gula )

        Produktu transgeniko batzuk

 

4.-DIETA OREKATUA

 

Dieta orekatua dela esaten dugu energiaren eta talde bakoitzeko elikagaien kantitate egokia ematen badigu. Beste era  batera esanda, pertsona batek egoera fisiko eta psikiko egokia eduki ahal izateko, funtsezko bi baldintza hauek bete behar ditu dietak:

        Janarien guztirako kantitatea eta, beraz, horien bidez jasotzen duen energia pisua konstante edukitzeko lain izatea.

Dietako janariak talde guztietakoak izatea , proportzio egokian.

 

5.- ZENBAIT DIETA- MOTA

Puntu hauetan lau dieta-multzo handi ikasiko ditugu, elikagai-motei dagokienez dauden aukerak argiago ikusteko.

 

        Dieta mediterraneoa

         Dieta-mota hau, izenak adierazten duenez, mediterraneo itsasertzean  da tradizionala , eta Europako hegoaldeko herrialdeetan erabiltzen dute bereziki.

         Dieta honek elikagai asko dauzka eta era askotakoa da. Dieta hau, funtsean, labore, lekari, fruta eta ortuarien kontsumoan oinarritzen da, eta horiei okela zuriak eta arrain-kantitate txikiak gehitzen zaizkie.

        Landare-dieta

         Landare-dietak edo begetarianoak baztertu egiten ditu animali jatorriko elikagaiak, eta landare-jatorriko produktuak baino ez ditu erabiltzen. Dieta honek, proteinen kalitatea eskasagoa izateagatik eta B12 bitaminarik ez edukitzeagatik,  nutrizio-arazoak sortzen ditu.

        Dieta makrobiotikoa

         Landare-dietatik eta Zen budismoaren filosofiatik eratorritako nutrizio-

-printzipioen konbinazioa da. Dieta honek bi multzotan sailkatzen ditu elikagaiak: ying eta yang.

         Ying jakiak  pasiboak dira, eta yang jakiak, aktiboak. Orduan, osasuna izateko, ying eta yang elikagaien arteko oreka aurkitu behar da. Landare-jatorriko jaki-mota ororen kontsumoa onartzen du, baina labore eta algena sustatzen du bereziki.

         Dieta honen eragozpenetako bat uraren murrizketa  da, horrek orokorrean giltzurrun-gutxiegitasuna eta deshidratazioa eragiten baititu.

        Argaltzeko dietak

         Argaltzeko dietak gizaki lodiek pisua murrizteko egiten dituztenak dira.

         Dieta hauek kaloria-kopurua murrizten dute, eta, aldi berean, jarduera fisikoa areagotzen; horrela, kaloria-urritasuna erreserbako ehun adiposoekin konpentsatzeko, horiek eragiten baitute loditasuna.

         Argaltzeko dietetan oso garrantzitsua da kontuan hartzea beharrezkoa dela janari-taldeetan ikasi ditugun elikagaien gutxienezko kantitateak hartzea, osasunari kalte egin diezaiokeen edozein asaldura saihestearren.

Gehiago jakiteko

 

Energi gastua adinaren eta sexuaren arabera

 

      Energi kantitatea kilokaloriatan (kcal) edo kilojouletan (kJ) adierazten da.

      Kilokaloria bat 4,2 kJ dira.

      Gramo bat gluzidok 4 kcal ematen ditu

      Gramo bat lipidok, 9 kcal.

      Gramo bat proteinak, 4 kcal.

Koipeak

 

Lipidoek edo koipeek, ikuspegi kimikotik, gantz-azidoak dituzte osagai. Eraketa kimiko horrek bereizten ditu koipe asea eta asegabea.

 

Batez ere, animaliak jatorri dituzten koipeetan dago gantz asea (esnean, gurinean, lurreko animalien haragian), bai eta bi landare-oliotan ere, hau da, koko-olioan eta palma-olioan

 (oso ohikoak dira industriako opiletan).

 

Gainerako landare-olioak eta arrainaren koipea gantz asegabeak dira (monoasegabeak edo poliasegabeak).

 

Koipe aseak kolesterola sortzen du giza gorputzean; koipe asegabeak, ez, ordea.

 

Kolesterola gorputzak beharrezkoa du, zeluletako mintzak eraiki ahal izateko. Horrez gain, hormonak eta D bitamina eratzeko oinarria da. Nolanahi ere, gehiegi jaten denean, eliminatu ezin denez, odolean jarraitzen du, harik eta arterien paretara iritsi eta erabat odolaren zirkulazioa erabat oztopatu arte. Horren ondorioz, odola ibili ezinean egon daiteke eta heriotza sor daiteke.

 

Duela zenbait urtera arte, gaixotasun hori helduetan baino ez zen agertzen. Gaur egun, ordea,

industriako gero eta opil gehiago jaten ditugunez, umeek eta gazteek ere izan ohi dute kolesterol gehiegi.

Jandako kaloria guztiak kontuan hartuta, % 30ekoa da egunean zehar jan beharreko koipearen ehunekoa.

 

Kaloria gutxiko dietetan, koipeak ere jan behar dira, oinarrizko zenbait gantz-azido eta bitamina liposolugarri jasotzeko.

ARIKETA BEREZIA

 

ELIKAGAIEN LEHIAKETA: Bi taldetan banatu klasea. Irakasleak edo zuetako batek banan-banan irakurriko dizkie elikagaiei buruzko igarkizunak talde biei. Taldeak igarkizuna asmatzen badu, puntu bat lortuko du. Asmatzen ez badu, ordea, beste taldeak erantzuteko aukera izango du. Kontuan hartu janariaren elikagai nagusia asmatu beharko duzuela puntua lortzeko

IGARKIZUNAK IGARKIZUNAK

Berdea izan eta beltz bihurtu,

dolarean ninduten txikitu.

Amaieran, urre fin

ninduten bihurtu.

 

Txokolate-kolorekoak dira,

beroak urtu egiten ditu,

eta labean sartuz gero,

gogotsu egiten dute eztanda

 

Adar berdeetan sortu,

errotan estutu,

putzu batean sartu,

putzutik atera

eta sukaldera frijitzera

 

Belarri luze, buztan labur;

korrika eta jauzi egiten dut arin

 

Piperraren arreba naiz

gorria, luzea eta fin-fina,

ahoan mintzen bazaitut ere

ez dut inongo arantzarik

 

Zorro barruan nago,

baina ezpata ez dut gogoko

 

Belusezko aurpegi gorrixka,

urre-koloreko haragia eta gozoa...

barruan: hezurra

 

Geruzak eta geruzak ditut,

kendu nahi badizkidazu,

negarrari ekingo diozu

 

Geruzak eta geruzak ditut,

kendu nahi badizkidazu,

negarrari ekingo diozu

 

Oskola dut gogorra,

mami zuria eta

isurkari gozoa barruan

 

Oso emakume dotorea,

kapela berdea

eta gona morea

 

Presoz jantzirik

giltzapean gaude,

alkandora erantzi eta

prentzara garamatzatela

 

Tinta, lumak eta besoak

dauzkadan arren,

ezin dut idatzi

ez dudalako inoiz ikasi

 

Itxura biribila,

koloredun gorputza, hezurrezko tripak

eta egurrezko hankak

 

Bi matxarda ditut,

atzeraka nabil beti,

itsasoan edo ibaian,

etxe dut uretan

 

Lorategi berdetxoan

dago moxal, moxaltxoa,

tente buztana,

kima kiribiltxoa

 

Euritako zuri eta txiki,

sukaldean dira erabili,

urdaiazpikoaz gozo ,

oilaskoaz are gozoago

 

Aza dut izena,

lorea dut abizena,

gehiago jakiteko

baratzera joan beharko

 

 

 

6.- DIETA, JANARIAK ETA GAIXOTASUNAK

 

        Nutrizio desegokia

Nutrizio desegokia elikadura urriarekin edo, alderantziz, gehiegizkoarekin dago lotuta. Nutrizio desegokiak gabezi gaixotasuna, txantxarra eta elikadurarekin lotuta dauden zenbait arazo sor ditzake: loditasuna, anorexia eta bulimia.

         Loditasuna: Gorputzean koipe gehiegi edukitzea da. Loditasuna karbohidrato- eta koipe-forman energia gehiegi hartzen badugu gertatzen da. Loditasunak jatorri genetikoa ere izan dezake. Pertsona lodiek arrisku handiagoa dute gaixotasun kardiobaskularrak eta diabetea harrapatzeko. Aurrea hartzeko, gorputz ariketak egitea eta energia lar ez barneratzea da egokiena.

         Anorexia: Gorabehera psikologikoen erruz, ez jatetik sortzen den desnutrizioa eta argaltasun handia da

         Bulimia: Jangurari aurre egin ezinik, eta ezkutuan, kantitate handiak jatea eta, gero, janariok botatzea da.

        Janarien kutsadura

Bakterioek sortzen dituzten substantzia toxikoek eta bestelako substantzia kimikoek kutsatzen dituzte janariak. Bakterioak transmititzeko bide nagusia gaixoak eurak edo gaixotasunen eramaileak dira. Horrez gainera, euliek eta hautsak ere animalien gorotzetatik datozen mikroorganismoak eraman ditzakete.

         Janariekin loturiko infekzioak: Bakterioek kutsaturiko janariak hartzean sortzen dira era horretako infekzioak. Janariak, gainera, toxinak dituenean, infekzio horiek toxiinfekzioak direla esaten da. Salmonelosia salmonellak eragindako toxiinfekzioa da.

         Intoxikazioak: Toxinek kutsaturiko janariak hartzeagatik ageri izaten dira. Botulismoa botulismoaren toxinak eragindako intoxikazioa da; Clostridium botulinum bakterioak eragiten du. Bakterio hori etxean egindako kontserbetan, hestebeteetan, saltxitxetan eta urdaiazpiko egosian ageri izaten da.

         Substantzia kimikoen kutsadura: Ezbeharrez  gertaturiko kutsadura izaten da gehienetan. Batzuetan, pestizidak ondo ez erabiltzearren gertatzen da; fruta eta barazkietan hondarrak gera daitezkeenez, garrantzi handikoa da halako janariak ondo garbitzea jan baino lehen.

7.- JANARIEN KONTSUMORAKO ARAUAK

 

Gizakiok hainbat janari eta elikadura-mota aukera ditzakegu gure nutriziorako. Dena dela, kontuan eduki behar dugu zer den jaten duguna eta zer egoeratan aurkitzen den jaten dugun hori.

Zer eta nola jan behar dugu?

Gure gorptzak ondo funtzionatzeko eta  osasuntsu egoteko, oso kontuan eduki behar dugu zer jaten dugun, eta baita nola jaten dugun ere. Hona hemen gorputzak ondo funtzionatu eta osasuntsu irauteko egokiak izan daitezkeen zenbait aholku :

 

        Digestioa ondo egiteko komeni da astiro jatea eta janariak ondo murtxikatzea.

        Hartzen duzun dietak orekatua eta osagai askotakoa ( bariatua ) izan behar du.

        Zure dieta antolatzerakoan, barazki eta fruta ugari eduki behar duela gogoratu.

        Murriztu edari goxo, koipe, gozoki eta edari alkoholdunen kontsumoa.

        Murriztu gatzaren kontsumoa.

        Ur asko edan.

 

ARIKETAK

 

1.- Azkeneko 24 orduetan zer jan duzun adierazi.

2.- Galdetu zure aitona-amonei zer jaten zuten beraiek gazteak zirenean.

3.- Nolako janariak hartu behar ditu kirolariak kantitate handiagoan bere dietan?

4.- Deskribatu ditugun dietetatik, zein da, zure ustez, zure bizimodurako egokiena?

      Zer beste dieta ezagutzen duzu?

      Prestatu menu bat, zure ikuspegitik dieta mediterraneoari egokitzen zaiona.

5.- Gozoki lar hartzen direnean, txantxarra ageri da sarri. Zergatik?

6.- Zer da toxiinfekzioa? Jo entziklopedia, aldizkari, egunkari edota internetera argibideen bila, eta egin horren gaineko txostena. Sartu zeuk egindako eskemaren bat ere.

7.- Zein dira bakterioek janariak kutsatzeko erabiltzen dituzten bide nagusiak?

8.- Eman dezagun gaur bazkaltzeko janaria hauek dauzkazula: a) makarroiak txorizoarekin, b) arrain frijitua letxuarekin, c) jogurta, eta d) ogia eta ura.

Aztertu arretaz :

      Ba al daude bazkarian lehen ikasitako janari-talde guztiak?

      Horrela ez bada, esan beste zer jaki-mota hartu beharko zenukeen bazkarian

      Presta ezazu egunero neurrizko jarduera fisikoa egiten  duen pertsona baten energi beharrizanetarako menu egokia.

9.- Janarien kontsumorako arauen atala irakurri eta gero, bertako ideia nagusiak azpimarratu eta galdere erantzun:

- Atal horretan azaltzen diren aholkuak, nola arrazoituko zenituzke? Zeuen artean hitz egin eta iritziak bateratu.

 

Gehiago jakiteko

SUKALDEAN, PRESTATZEN DIREN  BITARTEAN ELIKAGAIEK DITUZTEN ALDAKETAK

 

Eskema honetan, elikagai bakoitzak prestatzen edo kuzinatzen den bitartean izaten dituen aldaketak erakusten dira, baina elikagai batek aldi berean aldaketa bat baino gehiago izan dezake. Oro har, hau esan daiteke: argiak, aireko oxigenoak eta beroak bitaminak azkar desintegratzen dituzte. Horregatik, hobe da elikagai freskoak leku hotzean gorde eta aluminio-paperean bilduz argitik babestea.

Frutak eta barazkiak hobe da prestatu baino lehentxeago egokitzea (garbitu, zatitu...). Urak ere bitaminak eta mineralak ezabatzen ditu eta, ondorioz, barazkiak lapiko estalian eta ur gutxirekin egostea komeni da. Lapikoko ura erabili. Su bizian eta denbora luzez egosiz gero, bitaminak desegin egiten dira. Gantz gutxirekin prestatu behar dira janariak.

 

ZER GERTATZEN DA?

ZERGATIK?

IKERTZEN

KOLOREA ALDATZEN DA

-Haragia ilundu egiten da

 

 

 

 

- Ebakitako fruta ilundu egiten da (sagarrak, bananak...)

 

- Haragiari kolore gorria ematen dion oxihemoglobina metahemoglobina bihurtzen da, egosita oxidazioa gertatzen delako.

- Frutaren entzimek oxigenoarekin erreakzionatu egiten dute.

 

Urdaiazpikoari, zerk ematen dio kolorea arrosa?

 

 

Limoi-zukua gehituta, zergatik ez da kolorez aldatzen?

NUTRIZIO-BALIOA GALTZEN DA

- C bitamina

 

 

 

-A eta B.2 bitaminak

 

 

-Airean eta berotan oxidatu egiten da (berotan zenbat eta denbora gehiago egon, hainbat eta gehiago hondatzen da)

- Argiak eta beroak hondatu egiten dituzte.

 

 

-Barazkiak eta frutak ebakitzea, jan baino askoz lehenago zergatik da txarra?

 

- Esnearen kartoizko ontzien barnean paper metalikoa, zergatik ipintzen da?

TAMAINA HAZTEN DA

- Beratutako lekariak

 

- Pasta, arroza

 

- Osmosi bidez, urak zelulak puztu egiten ditu

-Bikor txikitan almidoia dute, eta uretan berotzen direnean, ura zurgatu egiten dute. Batzuetan, almidoia utzi egiten dute uretan.

 

-Lekari asko, zergatik beratu behar izaten da?

- Berriz egositako arroza, zergatik itsasten da?

Janariak kontserban eta merkatuan

1.- KONTSERBATZEKO TEKNIKAK

 

Janariak berezko deskonposizioz edota mikroorganismoek kutsatuta galtzen dira. Antzina-

-antzinako denboretatik dakigu okelak eta arrainak luzaro gordetzen direla eguzkitan lehortu eta gatza ematen bazaie. Gaur egun, hainbat eratako teknikak daude janariak gordetzeko.

 

Tenperaturan oinarritutako kontserbazioa.

Tenperatura da mikroorganismoen garapenean ondorioak dituen eragile nagusia. Hotzak ez die bakterioei hazten uzten edo atzeratu egiten du hazkundea. Janari galkorrak bost egun inguru kontserbatzen dira 0 eta 4 oC-ren artean edukiz gero, hainbat hilabetean mantentzen dira 20 oC-

-tan izoztuz gero. Goi-tenperaturan segundo batzuetan tratatuz gero, bakterioak suntsitu edo gutxitu egiten dira.

 

Azidoekin tratatzea

Janarien deskonposizioa dakarten bakterio gehienak ez dira gauza inguru azidoetan bizitzeko. Janari batzuk, beraz, substantzia azidoetan kontserbatzen dira, ozpinetan kasurako. Esneari, esate baterako, hartzitzen eta bakterio jakin batzuen eraginez azido bihurtzen uzten badiogu, jogurta lortuko dugu, kasurako.

 

Kontserbagarri kimikoak

Janarietako mikrobioen hazkundea kontrolatzeko erabiltzen dira. Sodio propionato ogiari gehitzen zaio eta asko erabiltzen den kontserbagarria da. Egurra erretzean sortzen den keak dituen substantzia batzuk ere (formaldehidoa, adibidez) okelak eta arrainak kontserbatzeko erabiltzen dira.

 

Janarien deshidratazioa

Janariei ura kenduz gero, mikroorganismoak ez dira ugaltzen. Eguzkitan lehortzea deshidratatzeko modu tradizionala da. Liofilizazioa prozedura modernoa da, ostera; janaria 80 OC-an izozten da eta, gero, hutsean sartzen da ura kentzeko.

Beroarekin tratatu

 

Hona hemen janariak kontserbatzeko, beroarekin tratatzeko era batzuk:

  • Esterilizazioa janariak 135 oC-ko tenperaturan jartzea da; mikroorganismo guztiak suntsitzen dira.
  • Pasteurizazioa janariak 72 oC-ko tenperaturan jartzea da; janariak ez hondatzeko lain murrizten dira mikroorganismoak.
  • Latan sartzea. Janaria modu hermetikoan ixten da ontzian; gero, guztiz goi tenperaturan dagoen uretan sartzen da ontzia. Horrela tratatu diren janariak urtetan gorde daitezke.

2.- JANARIEN GEHIGARRIAK

 

Gure gaurko dieta industrian tratamenduren bat izan duten janariek osatzen dute neurri handian: latetan edo kristalezko ontzietan gordetzen diren janariak, aurretik prestaturiko janariak eta abar. Janari horiek guztiek nolako edo halako tratamenduren bat jasan dute hobeto kontserbatzeko, gustu txarrik ez hartzeko, itxura, usaina, gustua eta abar berriz eskuratzeko edo hobetzeko...

Gehigarriak janarien propietateak (gustua, kolorea, usaina eta abar) gordetzeko, galdu dituzten gaitasunak berriz eskuratzeko eta deskonposizioa ekiditeko, jatekoei botatzen zaizkien substantziak dira.

 
 

 

   

Gehigarriak hainbat kategoriatan banatzen dira euren zereginen arabera:

        Azidotzaileak. Janariak azidotzeko eta mikroorganismoak ez garatzeko erabiltzen diren substantziak dira. Azido zitrikoa, esaterako.

        Antioxidatzaileak. Koipeak ez oxidatzeko eta usain eta gustu txarrik ez hartzeko substantziak dira. Azido askorbikoa, kasu.

        Emultsionatzaileak. Substantzia jakin bat berarekin nahasgarria ez den beste batean sakabanatzeko erabiltzen dira. Ura eta koipea margarinetan, adibidez.

        Koloratzaileak. Janariei euren jatorrizko kolorea itzultzeko edo kolorerik ez dutenei kolorea emateko erabiltzen dira. Kurkumina, esate baterako.

        Kontserbatzaileak. Mikroorganismoen garapenari aurreegiteko erabiltzen diren substantziak dira.

        Gustua indartzekoak. Euren gustu edo zaporerik ematen ez duten substantziak dira; janariarena indartzeko erabiltzen dira; halakoa da glutamatoa.

Gehigarriak kantitate txikian erabiltzen dira osasunari kalterik ez egiteko. Hala ere, ez daude argi  horrelako substantziek epe luzean izan ditzaketen ondorioak. Horregatik, bada, gauza ona da janari freskoak hartzea.

ARIKETAK

 

1.- Zergatik kontserbatu behar dira janariak?

2.- Adierazi janariak kontserbatzeko metodo erabilienak.

3.- Zergatik da deshidratazioa janarien deskonposizioaren kontrakoa?

4.- Egin janarien gehigarrien definizioa.

5.- Bilatu hainbat produktutan erabili izan dituzten gehigarriak

6.- Zer da esterilizazioa?

7.- Jo Interneta egonkortzaileei buruzko informazio bila. Aipatu halako batzuk eta azaldu zertarako diren.

3.- JANARIAK MERKATUAN

Sortzen denetik gure mahaira heldu arte, janaria elikadura kate luzetik pasatzen da; hainbat etapa bereizten dira kate horretan: produkzioa, biltegiratzea, garraioa, industriako prozesua eta merkaturatzea.

Higiene-arauak bete behar dira janariak kutsa ez daitezen, hala nola:

        Janarien industrian lan egiten duten pertsonek ez dute infekzio-gaixotasunen eramaile izan behar eta garbitasun osoz egin behar dute lan; janariak ukitu baino lehen, adibidez, eskuak ondo garbitu behar dituzte beti.

        Janariak euren ezaugarriak kontserbatzeko biltegiratu eta garraiatu egin behar dira egoera egokian. Adibidez, arrain freskoa erretilu oxidagaitz hoztuetan, edo izotz eta guzti, gorde behar da alferrik ez galtzeko; esnea baserritik esne-industriara zisterna frigorifikoetan eraman behar da bakterioak ez ugaltzeko.

Industri kateko maila guztiek garbi eta higienizatuta egon behar dute (hiltegietan, adibidez, animaliak hiltzeko tresnak) mikroorganismorik ez sortzeko. Janariak, babestu egin behar dira intsektuekin eta bestelako animaliekin kontakturik ez izateko

 

 

 

 

 

 

 

 

Kontsumitzaileok janariei buruzko informazio osoa eduki behar dugu. Janariekin batera, elikadura kateari buruzko datu guztiak jaso beharko genituzke, eta, horrela, janariak egindako pauso edo kate-maila guztien historiaren berri izango genuke.

Etiketak informazio zehatza eman behar digu, eta hauek eman behar ditu gutxienez:

        Janariaren izena

        Osagaien zerrenda

        Eduki garbia (pisua,bolumena...)

        Kontserbatzeko arauak

        Erabilera edo erabiltzeko modua

        Enpresaren identifikazioa

        Fabrikazio erloaren identifikazioa

        Iraungitze data

Ariketak

1.- Bete itzazu produktu honen etiketaren ezaugarriak

2.- Prestatu produktu galkor eta ez-galkorren zerrenda, eta galdetu elikagai hauek zure etxean zenbatean behin erosten diren.

3.- Zer da etiketa?

4.- Azaldu nolako ardurak hartu beharko zenituzkeen honako janari hauek direla eta: a) arrautzekin egindako maionesa, b) uraza-entsalada, c) gutxi erretako okela.

5.- Egin supermerkatuko bost janariren etiketen azterketa. Taldekatu kontserbatzeko moduaren arabera (latatu, botilatu eta abar) eta adierazi bertan azaltzen den informazioa.

6.- Zergatik dago debekatuta janariak etxerik etxe saltzea?

7.- Nolako garbitasun-arauak bete behar dituzte janarien industrian edo jatekoak saltzen diren dendetan lan egiten duten pertsonek?

 

Janari transgenikoak

Janari transgenikoak organismo batzuen geneak aldatuz lortzen dira, beste izaki bizidun baten material genetikoa sartuta.

Manipulazio genetikoaren bidez, elikagai kantitate handiagoa duten zerealak, izurriei eta gaitzei hobeto aurre egiten dieten landareak, lehorteei eta gazitasunari hobeto aurre egiten dieten landareak eta abar lortzen dira.

Gaur egun, produktu transgenikoak erabiliz eginda dauden eta gure artean saltzen diren janari asko daude: galletak, kontserba begetalak, frutak, zerealak... Etiketak argi erakutsi behar du janariak osagai transgenikorik duen.

 

Ariketak

1.- Badakizu zertan bereizten diren tomate transgenikoa eta tomate arrunta?